XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bejondeigula!

Haizea

Xole ARAMENDI

HAIZE berriek astindu dute Zarauzko Kirol Elkartea.

Azken urteotan hainbat zailtasun izan ondoren, klubaren zimenduak mugiarazi dituzte, errotik, eta baita bultzada handia eman ere.

Lehen sekzioen arteko tirabirak ziren nagusi eta tartean, nola ez, diru kontuak.

Beste horiei guri baino gehiago ematen diete, beti kirol jakin batzuk potentziatzen dira eta pobreenok ez dugu zer eginik, ziren ahoz aho zebiltzan komentarioak.

Pentsatu eta egin, sail bakoitza independentea da bai kirol bai ekonomi arloan eta norberak atera behar ditu babak eltzetik.

Laguntzaren bat behar izanez gero hor dago elkartea, baina sail bakoitzean lanean ari direnek, gestionatzen dute guztia.

Eta, hortxe dago gakoa.

Neurri eta eremu handiagoa ala txikiagoan, norberak erabakitzeko aukera izatea eta etorkizuna nondik doan zehazteko eskuak libre izatea.

Horixe da behar zena eta fruituak jasotzen ari dira: inoiz baino herritar gehiago da lanerako prest eta lehen baino gogorrago izan arren gustura daude, autosatisfakzioa, handiagoa baita.

Finantziazio bideak lortzeko ideiarik ez zaie falta eta hortxe dabiltza herri osoa bazkide egin nahian, kamixetak salduz eta festetan txosnak jarriz.

Zuzendaritzatik ez dute mugarik jartzen eta edonork du bere kirol taldea sortzeko aukera.

Gogoa eta ilusioa nahikoa dira, azpiegitura (giza medioak eta materialak) elkarteak eskaintzen baitu.

Haizeak beste modu batean jotzen du Alegiako Gaztetxearen kontra: 25 egun daramatzate bertan itxialdian gazteek eta erasoen aurrean tinko diraute.

Bertan behera utzita zegoen Renferen eraikin zaharra hartu eta etxe propio bat sortu zuten eta bizi berria eman zioten.

Mugimendu kultural eta sozialetan ezinbesteko erreferentzia bilakatu da azken urteotan, herriko Kultur Etxea bera gaindituz, baina dirudienez hori udal agintariek ez dute gustuko.

Aparkalekuak eraikitzeko ez omen dute herri osoan leku hoberik aurkitzen.

Gaztetxekoen indarra ikusirik, gazteengana jo dute haiei alternatibaren bat planleatzeko eskatuz.

Hauek futbol zelaira begiratzen dute, bertan egokitu baitaiteke autoak aparkatzeko gunea, eta alternatiba, argi dago, Gaztetxea zutik mantentzea da.

Ea udazkeneko haizea kostaldetik harantz joaten den eta zenbaitzuen burmuina freskatzen duen.